16 mar 2012

AUTOGESTIOA JANGELAN



Aski eta sobera dakigu euskaldunok EAEko ikastetxeetako jangeletan lan egiten duten pertsonen eta administrazioaren arteko tirabirez. Badira urte pare bat gatazkaren bi aldeak aurrez aurre esertzen saiatu direla, konponbidea hizpide. Greba eta mobilizazio guztiak amaitu ei ziren.

Baina badago matraka honetatik at geratu den eskola bat. Bere errealitateaz, ordea, ez dakigu deus, edo oso gutxi. Ez dute argira ateratzea gurako. Eskolak, legez, jantokietan cateringa erabiltzera behartuta badaude ere, Larrabetzuko eskolak betidanik kudeatu izan du bere sukaldea, eta oraindik ere, arazoak arazo, bere horretan dirau. Inoiz baino gogorrago, alabaina, izan ere, Cateringera ez pasatzea erabaki zutelako, administraziotik erabat kanpo dago. Bertako produktuak, zuzenean kontratatutako langileak, sukalde propioa… eta eguneko menua cateringa baino 0,35€ bakarrik garestiago.

Muturrekoak diren egoera bi, bietan protagonista bera. Administrazioa. Herriarena eta herriarentzako beharko lukeena, arrotz. Arazoen mamia, ustez, lan-baldintzak, dirua... Kaltetuak, ostera, mahaikideak eta euren familiak. Hortxe datza auzia, umeengan.

Jakin badakigu eskolek ikasle ororen sozializazio garapenean duten eraginaz. Horri, jantokietan bazkaltzen duten haurrek ikastetxeetan egunero 7 bat ordu ematen dutela, eta bazkaltzeko denbora bi ordu bueltakoa izaten dela gehituz gero, atera kontuak!

Gako honi primeran egiten diote aurre Larrabetzuko eskolan, bertako begiraleak (eta pertsonal guztia) eurek kontratatuak baitira. Badute eskolako programaren berri, badakite zeri ekin. Badugu zer ikasi.

Nik ere, ez ditut jantokiko momentuak eta gelakoak bereizten. Nire iritzian dena da bat. Jantokia eskolako eraikinaren zati den moduan, jatordua eskola proiektuan txertatuta. Ez dut uste bakoitzak bere aldetik lan egitea egokia denik, ez eta batak bestearen pean egon beharko lukeenik ere. Bazkariek, eta nola ez, bertako langileek, eskolak adinako balio hezitzailea daukate, eta eskutik egin beharko lukete lan. Gure etorkizuna diten umeen hobe beharrez, zain ditzagun langileak eta zain dezagun bertan gertatzen dena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario